2010/03/07

Nire euskalduntze prozesua.

Aurreko sarreran esan dudanez, zortzi urte daramatzat euskara ikasten.
Udal Euskaltegian hasi nintzen eta han urte eta erdi aritu nintzen. Gero AEKra pasatu nintzen eta lau urte pasa eta gero Hezkuntzaren 1. perfila gainditu nuen. 2006. urtea zen eta hori dela eta lanean 6 hilabeteko liberazioa lortu nuen 2007an. Trinkoa antolatu nuen. Goizez 6 ordu eta erdi euskaltegi batean, arratsaldez beste bi ordu betiko AEKn eta erdiko orduak ikasten, irratia entzuten, irakurtzen... Horrela hizkuntzan murgildu nintzen eta urte horretan, ekainean, HABEren 3. maila gainditu nuen, hau da EGAren parekoa den titulua lortu nuen.

Hortik aurrera lasaiago hartu nuen eta irakurtzen, idazten etab. jarraitu nuen. Presio barik. Pentsatuta neukan blog bat hastea azterketak gainditzeko aholkuak emateko... beno behintzat nik egin nuena azaltzeko. Eta seguru aski blog honetan horren gainean zeozer idatziko dut. Merezi ez duena da ariketak pilatu eta hortik jada dagoena berriro idatzi: berridazketak, atarikoak etab. Horretarako badaude leku aproposak, adibidez, www.euskaljakintza.com. Beste gauza bat bai egingo dut, kontatuko dizuet nik erabilitako mainak edo trukuak hitzak buruz ikasteko edo idazlanak hobetzeko.

Baina hori beste egunen batean izango da.

Laster arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario